ANIZTASUNA, AZKEN POSTa
Azken lauhileko honetan gure ahotan egon den kontzeptu nagusiena eta erabiliena aniztasuna izan da. Denbora luzez jardun dugu honi buruz hitz egiten eta hau lantzen. Horretarako, gelan landutakoaz gain, hainbat jardunaldi, hitzaldi eta tailer izan eta gauzatu ditugu aniztasunaren kontzeptuaren inguruan geneukan jakintza aberasteko eta osatzeko asmotan.
Gaiarekin hasteko eta horretan sartzeko, aniztasuna bera zer zen definitzen saiatu ginen. Egia da, nahiz eta hasiera batean denok jakin nolabait zer zen aniztasuna, hau definitzeko eskatu zigutenean, oso zaila egin zitzaigula hain zabala den kontzeptu bat argi definitzea. Azken finean, hau ez duelako kontzeptu edo ezaugarri bakar batek osatzen eta hau ikusteko eta hautemateko modu ezberdinak daudelako. Hori dela eta, oso zaila da hain zabala den kontzeptua hitz bakar batez definitzea, aniztasuna hautemateko modu asko egon daitezkeelako eta denak izan daitezkeelako onargarriak. Hortaz, nolabaiteko ezjakintasun zein nahaste horretatik abiatuz, jarduera eta praktika ezberdinekin poliki poliki kontzeptu hori argitzen joan gara.
Esan bezala, aniztasuna hautemateko modu asko egon daitezke. Horrek esan nahi du, aniztasuna ez dela kontzeptu zurrun bat, hau da, aniztasuna errealitatea dela eta errealitatean edonon aurki genezakeela. Nahiz eta hasieran aniztasuna kontzeptu zehatz batzuekin erlazionatu (esaterako kultura, generoa, gaitasunak…) eta egoera konkretu batzuetan hauteman, konturatu nahiz dena dela anitza, hau da, egoera batzuk edo batzuetan nabarmenagoa izan arren aniztasun horren presentzia edo ikusgarritasuna, denok bizi izan dugu era batera edo beste batera aniztasun hori gure azalean. Hortaz, etorkizunean kontziente izan behar gara aniztasuna ez dela emango kasu zehatz batzuetan soilik, gure haur eta inguruko guztiak neurri handiago edo txikiago batean bizi dutelako edo izan dutelako aniztasuna eta zoritxarrez gehienetan horrek dakarren ondorioak pairatu dituztelako, horien artean estereotipo zein aurreiritziak.
Azken finean, konturatu gara, aniztasuna elkarren arteko desberdintasunetatik abiatzen dela eta horrek eragiten duela. Baina hala ere, elkarren artean desberdinak izan arren, gure gizartea homogeneotasuna inposatzen saiatzen da, eta guk, gizarte honen parte garen heinean, homogeneotasun horren inposaketa bultzatzen dugu gure ekintza, jarrera zein jokabideekin, edota homogeneotasun hori jarraitzen dugu zigortuak izan ez gaitezen. Hori dela eta, beharrezkoa dugu homogeneotasunaren presio edo ideia honekin apurtzea, bai gure interes zein onura propiorako bai eta besteen onurarako. Etorkizunean, irakasleak izango garenean, haur asko pasako dira gure eskuetatik, hortaz, beharrezkoa dugu guztiok ezberdinak garenaren ideia barneratzea eta haurrak diren bezalakoak izanda onartzea eta errespetatzea.
Hala, gure buruarekin egin beharreko lanketaz gain, beharrezkoa izango dugu gai hau haurrekin hitz egin eta lantzea. Nahiz eta hasieran honen lanketa haurrekin gauzatzeak ezinezkoa dirudien, hitzaldi batzuei esker, horretarako baliagarriak izan daitezkeen baliabideak zeintzuk diren ezagutu ditut. Horretarako, baliabide egoki bat izan daiteke artea. Artearen bidez, haurrak nahi duen hori isla dezake, artearen baitan errepresentazio guztiak onar daitezkeelako. Arteari esker, hain abstraktuak izan daitezken kontzeptu eta ideiak islatzeko zein horietara gerturatzeko aukera dute haurrek. Horretan oinarrituz edo hortik abiatuz hasi gaitezke modu natural batean lantzen aniztasuna haurrekin.
Baina arteaz gain, aurkeztu dizkigute bestelako baliabide batzuk. Horien artean, orain arte ezagunena egiten zitzaigun eta erabiliena den ipuinaren baliabidea. Ipuinei esker, haurrek aukeratu dute beste ahots zein bertsio batzuk entzuteko eta era berean euren burua egoera horietan kokatzeko. Baina horrekin batera, antzerkiaren aukera ere aurkeztu digute, eta guretzat hain ezaguna ez zen beste baliabide bat ere, komikia. Baliabide hauei esker, haurrek aukera dute ahots desberdinak entzuteko, errealitate ezberdinak entzun zein bizitzeko, euren burua beste rol eta errealitate batzuetan kokatzeko…
Bestelako hitzaldi eta irakurketa batzuei esker aurretiaz aipatutako homogeneotasunaren ideia landu dugu. Ikusi dugu, gizarteak desberdina den hori ukatu eta baztertu egiten duela eta horren aurrean homogeneotasuna inposatzen duela. Hori dela eta, beharrezkoa da horren aurrean, bazterketa horretatik denon onarpenera igaroko den bidea zeharkatzea, hau da, jarrera eta jokabide inklusiboei esker desberdina den hori onartzea eta errespetatzea, homogeneotasunaren aurka egitea eta heterogeneoa dena errespetatu zein balioestea.
Hitzaldien artean, egon dira aniztasunaren kontzeptua ohiko kontzeptuetatik pixka bat urruntzen lagundu digutenak. Esaterako, Pausokako hitzaldian, argi ikusi dugu desberdintasunek eta hegemonikoa edo homogeneoa ez den horrek nolako trataera izan dezaken, hau da, egoera berdinaren aurrean, guztiz baztertu zein arbuiatua izatea eragiten duten jarrerak har ditzakegu edo guztiz kontrakoak direnak, hots, desberdintasun hori onartu eta aberastasun iturri bezala ikusten dutenak. Horrek, etorkizunean irakasle bezala izan genitzakeen bi jarreren inguruan eta horiek gizarte mailan zein gure gelan izango ditugun haurrengan izan ditzaketen ondorioen inguruan hausnartzea eragin digu. Honekin batera dator, transexualitatearen inguruko hitzaldia. Hor ere, argi ikusten da egoera horien aurrean izan genitzakeen jarrerak, hau da, normalean nola inposatzen den homogeneotasun kolektiboa nahi izate propioaren gainetik, izatez errazagoa eta denontzako onuragarriagoa denean bakoitza den bezalakoa onartzea eta errespetatzea.
Hori dela eta, etorkizuneko irakasle bezala argi ibili behar dugu egoera hauen aurrean hartzen dugun jarrerekin eta helarazten ditugun mezuekin, haur baten bizitza osoa baldintza genezakelako bakoitzaren gustu eta nahiak, hau da, bakoitzaren nortasun eta izatea errespetatzen eta onartzen ez badugu.
Hortaz, guzti honen inguruan hausnartu eta gero ikusi dut, guztiz beharrezkoa dela lanketa pertsonal bat aniztasunaren aurrean modu egoki eta errespetagarri batean jokatzeko. Guk, etorkizuneko irakasle bezala, formazioa jasoko dugu alderdi honen inguruan, eta gure lanak, gai honen inguruan etengabe formaturik egotea eskatuko digu. Baina gure lanaz gain, beharrezkoa izango da gizarte honetako indibiduo bezala aniztasunaren aurrean jarrera ireki eta onargarri bat izatea.
Irakasle bezala, beharrezkoa izango dugu aniztasunaren gaia gurekin egongo diren haurrekin lantzea, eskolan bertan eta errealitatean gai horrekin aurkituko direlako, gai hori biziko dutelako, eta gai edo errealitate honek berarekin dakarren guztia bizi izan beharko dutelako. Hori dela eta, garrantzitsua da gai honi buruz haurrekin hitz egitea, alderdi edo ikuspuntu guztiak partekatzea, egon daitezkeen uste okerrak, aurreiritziak, estereotipoak eta abarrak suntsitzea eta desberdintasunak onartu eta hauek aberastasun moduan ikusten ikastea.
Baina hau ezinezkoa izango da guk bakarrik gauzatzea, hau da, eskolak edo irakasle batzuk bakarrik gauzatzea. Aniztasuna arazo bezala ikusi beharrean, aberastasun bezala ikusteko beharrezkoa izango da komunitate osoaren partaidetza eta kontzientziazioa.
Era berean, komunitate osoaren parte hartzea eta kontzientziazioa lortu ezkero, lan guztia egina dago. Hau da, gizarte osoko indibiduoek lanketa pertsonal eta kontziente bat egiten badugu, ez da beharrezkoa izango haurrekin inolako lanketa edo trataera berezirik, errealitatearen eta gizartearen parte natural eta ohiko bat bezala antzemango ditugulako gure arteko desberdintasunak eta horrela aniztasun hori onartu eta baloratuko dugulako. Guztiok hartuko bagenuke aniztasunaren inguruko autolanketa baterako konpromisoa, aniztasuna ez litzateke arazo edo ausardia ekintzatzat hartuko, inongo arazorik gabe onartuko genituzkeelako gure arteko desberdintasunak eta inongo arazorik gabe biziko ginatekeelako hauekin. Hori horrela izango balitz, haurrek ere jaioaz batera, aniztasuna bizitzaren parte natural bat bezala jaso eta biziko lukete.
Baina hau ez da horrela. Hori dela eta, bien bitartean, beharrezkoa izango da gu haurren hezitzaile bezala horren inguruan formatuak egotea eta honek dakarren abantailen eta aberastasunaren inguruko kontzientzia izatea, haurrekin aniztasunaren ideia modu natural batean lantzea hauek hau onartu eta desberdintasun horiekin bizitzen ikasteko, eta orokorrean, gizarte honen parte garen heinean, jarrera ireki eta ez epaikorra izatea elkarren artean ditugun ezberdintasunekiko, honek dakarren aberastasuna aprobetxatuz eta gozatuz.
Comentarios
Publicar un comentario